Eltziegoko San Andres parrokia-eliza ibai nagusiaren ertzean dago, herriko Plaza Nagusitik urrun; hura berdintzeko, ibaiaren ikuspegitik ikusgarria den plataforma handi bat eraiki behar izan zen.

Parrokiak estilo arkitektoniko ezberdinak biltzen ditu, lehenengo ataletako gotikotik sakristia berriko neoklasikora bitartekoak.


XVI. mendean harlanduzko harriz eraikitako eraikinak orientazio tradizionala du burualdean, ekialderantz begira; kanpotik uniformea dirudi, kronologikoki horrela ez bada ere. Eraikinaren barrualdean ikus daiteke hobekien eraikinaren bilakaera estilistiko eta kronologikoa. Elizak habearte handi bakarra du, luzera aldetik 40 metrokoa eta zabalera aldetik 16 metrokoa; gurutzaduran, 26 metrokoa da luzera eta altuera, berriz, 18,5 metrokoa.


Erabilitako arkitektura-estiloak askotarikoak dira. Lehenengo bi atalak, dorreetatik gertuen daudenak, gotikoak dira, nerbio zutabeak eta arku formero zorrotzak dituzte; hirugarren atala klasikoagoa da, zutabeak erlaitzez estali baitziren, eta horien gainean sortzen dira izar-gangetako nerbioak. Alde errenazentistena gurutzaduraren eremua da; izan ere, lau pilastra errenazentistak eusten dieten goiko izar konplexuaren euskarri diren erdi-puntuko arku fajoiei. Burualdea zirkuluerdi-formako abside batez osatuta dago; hargintza lan handia du, erabat ildaskatuta baitago. Sakristiara gurutzaduraren eskuinaldetik sartzen da eta, hain zuzen ere, horixe da, sakristia neoklasikoa, parrokia osoan egin zen azken obra.