Ondare- eta natura-aberastasun handia duelako iritsi da Esférica Arabako Errioxara. Bertako paisaiak, ardoak, herrien aberastasun historikoa eta tradizio gastronomiko handia direla eta, lurralde magikoa da Arabako Errioxa, nazioko eta nazioarteko jendeari erakutsi beharrekoa, bisitari-belaunaldi berriak hiribilduen eta ingurune naturalen xarmarekin erakartzeko.
Laguardia
Guardia, Erdi Aroko hiribildua, Arabako Errioxako hiriburua da. Kaleak Erdi Aroko eraikin errenazentista, barroko eta neoklasiko bikainez beteta daude; Erdi Aroko iraganaren isla dira, baina besoak zabalik eta eskaintza enogastronomiko bikainarekin hartzen zaituzte, gaur egun.
Guardiako kale estuen Erdi Aroko trazadurak, hiribildura sartzeko ateek eta oraindik geratzen diren harresien aztarnek beste garai batera eramango zaituzte, baita neolitoaren edo brontze-aroaren inguruko aztarnek ere, Euskadin aurkitutako nekazaritza-komunitateen aztarna zaharrenek.
Lapuebla de Labarca
Ebro ibaiaren ertzean dago Lapuebla de Labarca, Arabako lurralde historikoaren hegoaldean, Guardia-Arabako Errioxa Kuadrillan. “El Risco” izeneko eremu malkartsu baten gainean dago, eta antzina ibai emaritsua zeharkatzen zuen txalupa bati zor dio izena.
Arabako Errioxako beste hainbat herritan bezala, jaialdiaren agertokietako bat, XVI. mendeko parrokia-eliza, Jasokundeko Andre Mariari eskainita dago.
Eltziego
Eltziego Arabako Errioxaren hegoaldean dago, Arabako lurralde historikoan. Iparraldean, Toloño mendilerroa ikusiko dugu, eta hegoaldean, Ebro ibaia. Ekialdean, Lapuebla de Labarcarekin egiten du muga, eta mendebaldean, Mañuetarekin.
Inguruko udalerri guztietan bezala, ardoa eta produktu horrekin zerikusia duen guztia dira herriko jarduera guztien erdigune. Beraz, leku xarmagarria da mahastizaintza eta enoturismoa maite dituztenentzat. Izan ere, kalitate handiko upategi asko ditu, eta eskaintza ezin hobea da.
Eltziego irailaren hasieran bisitatuz gero, Plazako Ama Birjinaren jaiekin, herriko jai garrantzitsuenekin, amaituko dugu gure bisitaldia, irailaren 8an. Giro ona, zalaparta eta musika dira nagusi kaleetan, egun horietan. Gainera, dantza autoktonoak ikusiko ditugu, mendeetan zehar gordetakoak, herrian tradizio handia duten gaitero eta danbolinen musikaren doinupean.
Bastida
Bastida ezinbesteko geltokia da ardoaren sekretu eta zirrikitu guztiak gertutik ezagutu nahi dituen ororentzat. Alde batetik, inguru osoan zabaltzen diren mahasti ikusgarriek harrituko gaituzte. Bestetik, udalerriko upeltegiak bisitatu eta zeharkatu daitezke, antzinako kobazulo eta kalatuetatik hasi eta gaur egungo upategi handietaraino. Biztanle asko ardoaren negoziotik bizi dira, hori baita herriko ekonomiaren funtsezko zutabea.
Alde zaharrean, Kristo Santuaren ermita dago, estilo erromaniko eta gotikokoa. Toloño eta Larrazuria arkuak ere nabarmendu behar ditugu, sarrerako atearen funtzioa betetzen baitzuten aspaldi.